catalàcastellano
notícia

«Borroka bako guda egiten dute droneek»

 

Edu Lartzanguren

Enric Lujan (Bartzelona, 1991) Interneten askatasunaren aldeko Criptika elkarteko kidea da, eta ikertzailea bakearen aldeko Centre Delas gunean. Drones: Sombras de la guerra contra el terror liburua argitaratu berri du Virus etxearekin.

Urrutitik pilotaturiko hegazkinak modan daude. Zuri jendea hiltzeko erabiltzen direnak interesatzen zaizkizu. Droneak ez dira munduko arma sekreturik ospetsuenak?

Bitxia da: begien bistan ezkutatzen dituzte droneak. Eraso batzuk onartzen dituzte, beste batzuk ez. Orain arteko ezagunenean, 90 pertsona hil zituzten Pakistango Chenagai herriko madrasa batean, 2006an. AEBek ez zuten aitortu egin izana. Elkarren osagarri dira sekretua eta propaganda. Droneen erasoen inguruko informazioa ematean, zenbaki saltsa aseptiko batekin geratzen gara, eta horrek gatazka despolitizatzen du.

Barack Obama AEBetako presidentea asteartero biltzen da aholkulariekin Etxe Zurian, Terror Tuesdays deiturikoetan. Hurrengoan droneekin nor hilko duten erabakitzen dute. Gerraren aurpegia aldatu dute gailuok?

Postmodernitatearen, biopolitikaren aroaren erdian, boterearen formarik zaharrenera itzuli gara: erregeak ezpata eskubidea erabiltzen du, eta pertsona bat hiltzea edo bizitzen uztea erabakitzen du.

Droneak «Jainkoaren begia» bezalakoak direla idatzi duzu. Jainkoaren hatza ere badira. Erabateko boterea erakusteko erabiltzen dira?

Kuriosoa da; droneak, berez, oso hegazkin ahulak dira. Parekatzen badituzu pilotua barruan daramaten hegazkinekin, oso zaratatsuak eta geldoak dira. Dronea eraginkorra izatekoa, ezinbestekoa da etsaiak inolako hegazkinik ez izatea inguruan. Beraz, erantzuteko aukerarik ez duen baten kontra erabiltzen da. Borroka bako guda egiten dute droneek: harraparia eta harrapakina besterik ez dago.

Deklaratu gabeko gerra da, gainera.

Egiten ari direnaren izen egokia hau litzateke: hilketa selektiboen kanpaina, drone armatuen bitartez. Droneen bidezko erasoak ez ditu AEBetako Armadak egiten, baizik eta inteligentziak [CIA]. Obamaren agintaldiaren azken urteotan, neurrigabeko ahalmena eman diete inteligentzia zerbitzuei. Armadaren jarduera ez bezala, inteligentziaren lana ez dago kontrolatuta, ez dago modurik CIAren ekintzen kontrol demokratikoa izateko.

Beraz, droneak ez du ordezkatzen soldadua, baizik eta CIAren hiltzailea?

James Bonden azken filma ikusi nuen [Spectre, 2015]. Horretan, MI6 Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetako burokrata bat agertzen da: Bonden eta beste 007 soldatapeko hiltzaileen aurka dago, droneekin ordezkatu nahi dituelako, askoz merkeagoak direlako. Ez dago aldaketarik: CIAk lehen ere hilketa selektiboak egiten zituen, gizakien bidez. Droneekin, hilketa egitasmo berriaren tamaina aldatu da: hiltzeko zerrenda asko ditu CIAk, eta zerrenda horietan dauden pertsonen kopurua 1970eko hamarkadan baino askoz handiagoa da.

Gerra aseptikoa deitu izan zaio horri. Hizkuntzaren perbertsioa al da?

Gerraren lehen fasean gertatu zen: Guantanamo eta Abu Ghraib [Irak] espetxeetako kasuekin konturatu ziren argazkiak egotea oso arriskutsua zela, gerraren aurkako iritzia sor zezakeelako. «Ezin dugu halakorik berriz gertatzen utzi», esan zuten. Droneek biktimek argazkia uzteko aukerarik ere ez dute: droneek ez dute atxilotzen, deuseztatu eta kiskali egiten dituzte. Orain, double tap strike [tiro bikoitzeko erasoaren] doktrina dago: drone batek misil bat leku batera botatzen duenean, handik minutu gutxira beste bat botatzen du leku berera, inor ez hurbiltzeko biktimak erreskatatzera edo argazkiak egitera.

Washingtonek espetxea egin zuen Guantanamon (Kuba), presoei AEBetako legediaren bermeak ez emateko. Era berean, droneena ez al da teknologia bitartekari gisa erabiltzea norbait hiltzeko orduan erantzukizuna lausotzeko?

Piloturik gabeko hegazkina esan izan diete droneei, baina hori guztiz okerra da: Reaper motako droneen eskuadroi bat kontrolatzen 171 pertsona aritzen dira, nazioarteko legedian aditu diren abokatu militarrak tartean. Legediaren zirrikituez baliatzen dira, hilketei zilegitasuna emateko. Droneen pilotua ez da bideo-joko jokalari bat, baizik eta frankotiratzaile moduko bat. Aste luzez kontrolatu behar ditu bere jomugak, eta, horren eraginez, soldadu tradizionalak baino askoz hobeto ezagutzen ditu. Frankotiratzailea koldar bat da. Aditu militarrek gudu zelai postheroikoa esaten diote droneek sortutakoari, han ezin direlako balio militar tradizionalak ezarri. Postheroikoa izango da, baina, pantailaren beste aldean, besteek gorputzak dituzte jokoan.

 

 

Entrevista publicada en Berria, el 28/01/2016

 

 

 


28/01/2016 07:57:47